Tenplu erromanikoa eta kapera
Erromaniko aurreko tenplua suntsitu ondoren, santutegia eraiki edo berreraiki zen, 1032tik aurrera dokumentuetan aipatzen dena, eta 1074an sagaratu zena. Ziur asko, santutegi honek gaur egungo tenpluaren abside eremua hartuko luke. XII. mendearen lehen erdian, tenplua osatzen da, berriz ere 1141ean sagaratua dena. Lau hamarkada beranduago, bere barnean kapera oso bat eraikitzen da, bere elementu arkitektoniko guztiez hornitua: lau horma eta teilatua, eliza bezala orientatua, hau da, burualdea ekialderantz duena. Multzo arkitektonikoa, kategorikoak ez diren aldaketa batzuk izan ezik, gaur egun ikus dezakegun berbera da. Hiru nabeko eraikuntza da eta lau zati ditu. Erdiko habearteak zabalera handiagoa du, eta hirugarren atalean kapera dago, multzo artistikoaren elementu bereizgarria dena. Burualdea hiru absidez osatuta dago. Erdikoa ultrazirkularra da barnealdean, eta poligonala kanpoaldean, eta albokoak txikiagoak dira zabaleran eta sakoneran. Lurraren irregulartasuna dela eta, elizako zorua bost maila ezberdinetan dago, mailaka jaitsiz, zati ezberdinak burualdetik oinaldera (ekialdetik mendebaldera) eta Ebanjelioaren nabetik Eistolarenera (iparraldetik hegoaldera) mugatzen dituzten mailen bidez. Elizarako sarbidea nartex edo atari itxi baten bidez egiten da, meteorologia txarra duten tokien berezko eraikuntza, elizaren oinean beste nabe bat bezala altxatzen dena, baina zeharkako norabidean. Espazio hau, tenpluarekin lotzen da, hiru nabeei dagozkien hiru ate burdin hesituen bidez.